XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaur egun inguru hau San Joan auzoa izenez ezagutzen da.

60ko hamarkadan, enpresak langileentzako etxebizitzak eraikitzen jarraitu zuen, baina jada ez zituen auzo osoak eraiki. 1961ean, Fleming Kaleko 3 eta 5 zenbakien artean, 28 Poligonoan, etxebizitza-bloke bat eraikitzea erabaki zen. Arkitektoa kasu honetan ere Manuel Urkola izan zen.

Urte honetan bertan arkitekto honek La Salle kalean beste bi etxebizitza-bloke ere proiektatu zituen.

Handik urte batzuetara, 1966an, Urtaza auzoan enpresak beste zenbait etxebizitza-bloke eraiki zituen.

Eraikuntza guztietan lurrari erabilera trinkoa eman zitzaion, etxebizitza-blokeei nolabaiteko batasuna emanez. Hala sortu ziren 50eko hamarkadan poblado izenez ezagutzen ziren auzo haiek.

Aipatu ditugun etxebizitza hauek Patricio Echeverría SA enpresarenak izan dira 1984 urtera arte, eta urte horretan salgai jarri ziren. Berorien inguruko lur-sailak, bideak, plazak, saneamenduak, argiztapena eta berdeguneak, berriz, Udalari utzi zitzaizkion.

Aurrez aipatu dugunez, enpresak ez zituen ahaztu gizarte-izaerako eraikinak ere. 1937an Santa Kruz Egoitza eraiki zuen. Gerora, 40ko hamarkadan Buen Pastor mutilentzako ikastetxea, gaurko Haztegi Ikastola, eraiki zuen. Estilo desberdinen nahasketa nagusitzen da bertan eta izaera eklektiko honetan bere kaperako portada neorromanikoa nabarmentzen da.

60ko hamardadaren amaiera aldera berriz, Santa Teresa neskentzako ikastetxea, gaur Olazabal Institutoa dena, jaso zuen, honek linea garbiak eta funtzionalak deskribatzen ditu beregan garaiko eraikuntza erligiosoen ildotik.

Hasieratik, poliki-poliki, enpresa, bertako langileek lanaz aparte zituzten beste hainbat atal eta arazo konpontzen joan zen. 1939an ekonomato bat egitea pentsatu zen eta Santa Kruz kooperatiba izena eman zioten.

Hurrengo urtean Tuberkulosiaren aurkako eta Toraxeko gaixotasunetarako Kontsultategia eraiki zuen eta eraikina Zaharren Egoitza-Ospitaleko hegaletako bati lotuta altxatu zen. 60ko hamarkadan, 1969an, enpresako langileentzat ostatu bat eraiki zen Santa Kruz kalean.

Aztergai dugun enpresa honek, langileen etxeez gain, injineruentzako etxebizitzak ere eraiki zituen, beste hainbat enpresak, Beasaingo CAF eta Arrasateko Unión Cerrajera delakoak adibidez, egindakoaren ildotik.

1947an Manuel Urkola arkitektoak Injineruen Etxea proiektatu zuen, bertan 4 etxebizitza bilduz. Gaur egun, Olaondo zeharbideko 4, 6, 8 eta 10 zenbakietako etxebizitzak dira. Forma angeluzuzena du, 42,70 m-ko luzera eta 10,50 m-ko zabalera. Lau etxebizitza independente dira, eta bakoitzak sotoa, behe-pisua lehenengoa eta bigarrena ditu.

1951n etxe bat ere egin zuten fabrikak izan zitzakeen bisitarientzako. Santa Kruz kalean kokatzen da, forma angeluzuzena du, iparraldetik hegoaldera zuzentzen da eta 20,50 metroko luzera eta 11,50eko zabalera du muturretan.